2006/11/30

Los Simpsons movie

Datorren urtean ikusgai izango dugu telebistako familia polemikoenaren filma: Los Simpsons movie. Pantaila handian helduko dira Estatu Batuen bizimoduari buruz hainbeste erakutsi digun familia xelebre hau. Lanaren arduraduna David Silverman izan da, lehenago Pixar-en hainbat filmeen zuzendaria izanikoa.
Arrakasta bermatuta dauka filmeak, hori dela eta nahaspila handia sortu da trailerra ikusgai egon baino lehen. Fox produktoraren aginduz Youtubek erretiratu egin behar izan zuen bere zerbitzaritik, copyright legeak urratzen baitzituen. Estatu Batuetan estreinaldia Uztailaren 27an izango dela dakigun arren oraindik zehazteke dago estreinaldiaren data hemen.
Los Simpson familiaren abentura berriak ikusteko trailerra hemen dago. Haragi eta hezurrezko pertsonek interpretatutako trailer parodikoa berriz, hemen behean dago ikusgai. Badirudi Los Simpsons-en pelikula erreal bat ikusteko gehiago itxaron beharko dugula.


2006/11/28

"Miss Potter"


Bihar estreinatuko du Crish Noonan zuzendari estatubatuarrak “Miss Potter” izeneko bere azken filma. 1995.urtean “Babe” pelikularekin izandako arrakastaren ondoren indarberrituta datorkigu azken ekoizpen honetan. Oraingoan, Beatrix Potter idazle eta ilustratzaile famatuaren bizitzako gorabeherak ditu kontagai, hala nola, honek sortutako pertsonai fiktizioa: Petter Rabbit, haur ipuinetako protagonista dotoreenetakoa. Potter anderearen paperean Renée Zellweger aktoresa famatua dugu, aktoreen zerrendan ordea, Ewan McGregor edota Emily Watson izarren antzezpenaz gozatzeko aukera izango dugu. Arestian aipatu bezala, filmearen estreinaldi mudiala bihar izan arren, trailerra duzue ikusgai aurrerapen gisa.

"El Hobbit" zuzendari gabe

Peter Jackson, El Señor de los anillos trilogiaren zuzendariak, ez du El Hobbit nobelaren adaptazio zinematografikoa zuzenduko. Dirudienez, proiektuaren arduraduna den New Line enpresak oraintsu jakinarazi duenez, beste zuzendari baten bilaketari ekin dio seriearen bi emanaldiak grabatzeko. Jackson-en esanetan, erabakia produktorarekin dituen arazo fiskalen ondorioz sortu da. Izan ere, oraindik kobratzeke ditu trilogiaren zuzendari lanengatik irabazitako diru kopuru handi bat. Erabaki zorrotz honek Tolkien idazlearen sagako jarraitzaileen ametsarekin bukatu du, zuzendari beraren esku eta ikuspuntutik ikusi nahi baitzuten osorik.
Esan behar da, El Hobbit deituriko nobela El señor de los anillos trilogia baino lehen idatzi zela eta beraz, istorioaren hitzaurre bezala har daitekeela. Beste aldetik El Silmarillion trilogiaren jarraipen bezala uler daiteke.

2006/11/26

Audrey Hepburn: biografia


Audrey Hepburn-en biografia berriak, XX. mendean izandako zinema izar handienetako baten bizitzara leiho bat irekitzen digu. Audrey pasa den mendeko mito ikonografikoa da jada, eta ez bere aktore lanagatik soilik. Bere dotorezia, irribarrea eta begirada gaur arte heldu zaigu eta ez da harritzekoa bere aurpegia poltsa, arropa edota edozein dekorazio objektutan agertzea. Oso famatua da baina, bere bizitzako gauza gutxi dira ezagunak eta Donald Spoto-k idatzitako biografia honek, bere bizitzako detaile eta nondik norakoak jakiteko aukera paregabea ematen dio irakurleari.
Biografiaren idazlea Hollywood-eko hainbat izarren biografiak idazteagatik da ezaguna. Beste gauza batzuen artean aktoresaren familia eta hauen Ingalaterrako Mosley alderdi naziarenganako hurbiltasunari buruz hitz egiten du. Baita bigarren mundu gudan Holandan igarotako urteak, ondoren bere modelo karrera zinean egin zuen lehengo papera arte (Oro en barras). Zinema munduan jarraituz, guztientzat ezagunak diren Vacaciones en Roma, Sabrina, My Fair Lady eta Desayuno con diamantes filmeak egin zituen goraldiaz ere aritzen da Spoto liburuan.
UNICEF-eko enbaxadore pribilegiatua izan zen bere bizitzako azken urteetan. Horrez gain, XX. mendeko feminitatearen ikurra izan zen eta izaten jarraitzen du. Aldi berean irribarre maltzur eta gozoa zuen Audrey ulertzen laguntzen duen liburua da hau.

Isabel Coixet,2006ko Emakume Europearra

Isabel Coixet zinemagileak, ICAA-ko (Zinema eta ikus-entzunezko arteen institutu nazionala) zuzendari den Fernando Lara-ren eskutik jaso berri du 2006.urteko Emakume Europearrari saria. Emakumeen Batasunak, zinemagile Kataluniarra saritu nahi izan du aurtengo edizioan, batez ere bere azken filmean, (“La vida secreta de las palabras”) emakume Bosniarren aurkako bortxaketen inguruan egindako salaketagatik. Sariaren helburua, gizarteko edozein esparrutan, bai politiko, kultural edota ekonomikoan, bikaintasuna erakusten duen emakumea aintzat hartzea da.Bere aldetik, Coixet-ek tratu txarrak jasaten dituzten emakume guztiei eskeini nahi izan die saria.

2006/11/22

Kultuzko filma: Memento

2000. urtean estreinatutako suspentzezko filma da Memento, gidoi originalaren Globo de oro saria eskuratu zuena. Eta ez da gutxiagorako. Cristopher Nolan zuzendariaren gidoia Memento Mori (latinez, "gogoratu hilkorra zarela") izeneko istorioan oinarrituta dago. Filmaren berezitasunik handiena tempo narratiboaren ez linealtasunean datza, hau da, pelikulak atzera jotzen du ikusitakoaren kausak azalduz ondorioak erakutsi beharrean. Hauen artean, ordena logiko bat jarraitzen duten zuri beltzean dauden eszenak aurki daitezke, baina istorioaren erdian daude tartekaturik. Istorioa amaierara heltzean zuri beltzean dauden eszenak eta koloredunak bat egiten dute azken gertakizun batean amaitzeko.
Filmaren bukaera hasiera batetik jakin arren, ikuslea urduritasun iraunkor batean murgiltzen da azken minuturarte, jakin beharrekoaren erantzunak ezagututa ere beharrezkoa baitzaio hurrengo eszenaz asetzea. Originala eta ausarta proposatutako muntai eta estruktura argumentala. Bereziki interesgarriak protagonistak oroimenari buruz mantentzen dituen elkarrizketa sakonak. Hori bai, arreta osoa beharrezkoa da istorioaren nondik norakoak ulertzeko.

2006/11/20

Pirelli 2007

Kalean da jada Pirelli egutegi famatuaren azken alea. Oraingo honetan, Hilary Swank, Naomi Watts, Lou Doilon, Sofia Loren eta Penélope Cruz aktoresen txanda izan da. Urtero legez, Holllywoodeko izarrak oso modu erakargarrian agertu dira argazkietan, betiere dotoretasunez adieraziz beraien gorputzeko atalik erakargarrienak, gehiegi erakutsi gabe. Inez Lamsweerde eta Vinoodh Matadin argazkilari holandarrak izan dira bost emakume hauek ezin hobeto irudikatu dituztenak, zuri beltzean eta maindira zuriz jantzitako ohe erraldoi bat eszenatoki gisa erabiliz.
Arestian aipatutako aktoresen artean, bada egutegi honetan nabarmentzen den bat, 72 urte izan arren eskarmentu handiko emakumea, edertasun helduaren adierazgarria. Noski, Sofia Loren izar italiarraren inguruan ari gara, bera izan baita 2007.urteko Pirelli egutegiko protagonista nagusia, badirudi heldutasuna modan dagoela eta emakume honek ezinhobeto irudikatzen du kontzeptua. Hasieran lotsati agertu arren, berehala lasaitu eta naturaltasunez azaldu zen kamaren aurrean, gainontzeko aktoresen tankeran. Emaitza? Sentsualitatea pertsonifikatua.

2006/11/19

Dogma 95

Dogma 95 manifestua batzuentzat azken urteetan izandako zine komertzial eta gainazalekoaren kontra joateko sistema bat da. Beste batzuentzat ordea, dogma erridikulu eta zentzugabekoa, eta zinea ikustea gustuko dutenetatik askok zer demontre den ere ez dakite (eta ez da harritzekoa).
1995ean, Lars Von Trier, Thomas Vinterberg, Kristian Levring eta Soren Kragh-Jacobsen zuzendari danesek sortutako mugimendu filmikoa da. Honen helburua pelikula sinpleak ekoiztea da, post-produkzioan aldaketarik egin gabe, enfasia garapen dramatikoan soilik jarriz horrela. Manifestuak hamar lege edo puntu ditu, hamar aginduak bezala. Horietariko batzuk kamara eskuan edo lepoan edukitzea izango litzateke, inolako euskarririk gabe; 35mm-tako pelikula formatua erabiltzea; edota kolorean izatea eta iluminazio artifizialik gabe errodatzea izango litzateke.
Lars Von Trier-en “Los Idiotas” filmea da seguruenik Dogma 95 manifestua errespetatzen dutenetatik famatuena. Gaur arte 144 film eta laburmetrai dira Dogme-films denominazioa dutenak.
Manifestua irakurri eta gero, dogma filme bat ikustera animatzen bazarete ea zer iruditu zaizuen komentatzea besterik ez duzue ea baliagarria edo zentzugabekeria bat den erabakitzeko.

Lekeitioko XXIX. Zine eta Bideo Bilera

Atzo eman zitzaion amaiera, hilaren 13an Lekeition hasi zen XXIX. Euskal Zine eta Bideo Bilerari. Ikus-entzunezko 45 lan proiektatu ziren guztira, beraien artean, 18 dokumental, sormenezko 15 lan eta 12 istorio labur. Aurtengo edizioan, filmeek gai sozialen inguruko apustua egin dute, gehienak egungo gizartean ditugun gatazka eta oztopoen inguruan arituz. Palestinako egoera edota Israelgo okupazioa izan ziren gai nagusiak jaialdian. Hala ere, eskualdeko hainbat erronka sozial ere izan ziren ikusgai, “Astra 5.00 A.M" dokumentala esaterako. Honek, Gernikako Astra arma lantegiaren okupazio prozesua aurkeztu zuen “Ieup” gazte asanbladaren eskutik. Aurtengo XXIX. edizioak, aurreko ekitaldietako parte-hartzea gainditu du nabarmen,egun hauetan izugarrizko jendetza bildu baitzen Lekeitioko Ikusgarri aretoan.

2006/11/17

El ilusionista

El ilusionista filma estreinatu da gaur. Neil Buger zuzendarindariaren eskutik, magiaz gainezka datorren filma dugu. Errealitatea eta ilusioa ezin bereiztuz, XX. mende hasieran bizi zen Eisenheim (Edward Norton) magoaren istorioa kontatzen da. Azken hau printzearekin (Paul Giamatti) ezkontzera doan emakumeaz (Jessica Biel) maitemintzen da eta hamaika trikimailu erabiliko ditu ezkontza hori ekiditeko.

Oraindik euskal kritiken berri izateko itxaron behar izango den arren, Estatu Batuetatik datorren informazioaz ondorioztatu daiteke maitasunezko istorio bikaina izateaz gain misterioaz betetako thrillerra dela.

2006/11/15

The squid and the whale

Estatu Batuetan The squid and the whale (El calamar y la ballena) izenburupean komertzializatu zen arren, penintsulan Una historia de Brooklyn izenarekin agertu zaigu. Beste behin ere, itzulpen zentzugabe baten aurrean aurkitzen gara, kontatzen den istorioa Brooklyn-en kokatzen bada ere inongo berezitasuna ukatzen baitzaio narrazioari.
Intelektual bikote bat (Jeff Daniels eta Laura Linney) eta hauen bi semeen istorioa kontatzen da. Familia dirudunek ere barne arazoak izaten dituztela erakusten digu. Izan ere, gurasoak banatzen direnean hankaz gora jartzen da familia guztiaren bizimodua. Detaile txikiak aintzat hartuz gero baliozko filma izan daiteke, izan ere horretan datza bere xarma, askorentzat antzemanezinak diren xehetasunetan. Bitxia suertatzen da guraso biak idazleak izanik nolako giro intelektualean murgildu nahi dituzten semeak, filisteoak (filmean erabiltzen duten hitza) diren guztiak arbuiatuz. Pertsonaia garrantzitsuak bilakatuko dira abesti famatu baten egiletasuna plagiatuko duen seme nagusia eta jokabide sexual ezohikoa erakusten duen seme txikia.
Euskal Herrian orain bi hilabete estreinatu zen arren, iazko Sundance zine-jaialdian kaleratu zen harrera eta kritika oso positiboekin, zuzendari eta gidoi dramatiko hoberenaren saria jaso zituen. Beste zinemaldi batzuetan saririk jaso ez arren ugariak izan dira nominazioak.

2006/11/12

Zine izar gazteegiak

Zine izarrak idealizazioaren ondorioz sortzen ez ote diren jakin nahi genuke. Lortezina zirudien fama eskuratzean anonimotasuna galtzen duten aktore horietaz ari gara. Askotan ahaztu egiten baitugu pantaila handian bi dimentsiotan ikusten ditugunak hezur eta haragizko pertsonak direla. Batzuetan presio mediatikoa eta berehalako arrakasta jasateko gai ez diren pertsonak. Eta arazoa nabarmenagoa izaten da txikitatik izar izan diren horientzako.
Duela hamairu urte, 1993ko azaroaren 12an, River Phoenix aktorearen txosten forentsea ezagutarazi zen. Kokaina eta heroina gaindosi baten eraginez hiltzeaz gain valium eta marihuana hondakinak aurkitu zizkioten. Albisteak harridura sortu zuen Hollywood-en, aktoreak ekologista eta naturista izatearen ospea baitzuen. Orain, Joaquin Phoenix bere anaiaren bidez gogoratzen dugu.
Hogeita hiru urte besterik ez zituela, bere gaztetasuna pikutara bidaliz eta agur esan gabe eraman zuen herioak. Zer nolako eragina du ospeak eta diruak haur edo nerabe batengan? Zilegi al da degradazio maila horretara iristea irudi publikoa bilakatzearen ondorioz? Zergatik hainbeste adibide? (James Dean esaterako)

2006/11/07

Kutsidazu bidea, Ixabel

Joxean Sagastizabalen liburuak sekulako arrakasta izan zuen, egun ere pila bat irakurtzen da eta hori dela eta orain hiruzpalau urte antzerkia egitea erabaki zuen antzerki konpainia batek. Antzerkiak ere, liburuak bezala arrakasta izugarria lortu zuen Euskal Herriko antzeztoki guztietan. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren eskutik filmea heldu zaigu orain hilabete eta erdi baino gutxiago. Donostiko Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu ondoren, liburuak eta antzerkiak bezala, oso harrera ona izan du ikuslegoan. Dagoeneko guztiok jakingo duzue “Kutsidazu bidea, Ixabel”-en kontatzen diren nondik norakoak, baina hala ere sinopsia irakurtzea gomendatzen dizugu memoria errefreskatzeko.
Filmeak harrituta uzten du ikuslea, umoreaz gain, testuinguru soziopolitikoak liburuan, eta batez ere antzerkian, baino pisu handiagoa duelako. Gainera, filmean, bigarren mailako pertsonaiei ere garrantzia eta sakontasun gehiago ematen diete. Liburuaren idazlea den Sagastizabalek egin du gidoia zuzendariez eta beste bi pertsonez gain.

Emakumeek egindako zinearen XI.erakusketa

Emakumeek egindako zinearen XI.erakusketa hasi zen Bilbon joan den azaroaren 2an. Larunbata arte iraungo duen jaialdi honetan, Espainiar Estatuko eta beste hainbat herrialdetako zuzendari emakumezkoek egindako lanak izango dira ikusgai. Proiekzioen artean, 8 film luze eta beste horrenbeste film labur eskainiko dira besteak beste, jaialdi honen hamaikagarren edizioan.
Simone de Beauvoir talde feministak eta Bilboko Udaleko Emakumeen Sailak antolatu dute erakusketa hau, helburu gisa hain konplexua eta anitza den gizarte honen ikuspuntu zabalagoa izatea dutelarik. Bertan, Berlingo Nazioarteko Jaialdian Urrezko Hartza irabazi duen Jasmila Zbanic errealizadore bosniarraren lehen lana, Gravabica, ikusi ahal izango da lehen aldiz Estatu osoan.

2006/11/06

En la cama

2005ean Valladolid-eko zinemaldian epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen En la cama filmeak. Ustekabez jasotako saria izan zen, Caché bezalako filmak garaitu baitzituen. Agian ezberdina izateagatik edota tabuak baztertuz pertsonaien biluztasuna (fisikoa eta espirituala) eroso bihurtzen dituelako. Baina ukaezina da logela batek eskaini ditzakeen plano umilekin baliatuz zerbait transmititzeko gai den filma dela.
Kasualitateak eta kimikak bi ezezagun batzen ditu motel bateko logelan. Sexua eta elkarrizketa dira argumentu ezohiko istorioaren gidari, ez baitago hasiera, korapiloa eta amaiera finkatzerik. Elkar ezagutzen diren bi pertsonen istorioa eta ordu batzuk batera igarotzean konfiantzak jokatzen duen paper garrantzitsua islatzen du. Gezurrekin hasten da etorkizunik gabeko harremana, baina solasaldi lasaiek inork ezagutzen ez dituen sekretuak aitortzean egiten dute eztanda. Badirudi batzuetan ezezagunek betetzen dutela bizitzak sorturiko hutsuneak eta holakoetan hobe dela inoiz gehiago ikusiko ez den pertsonarengan fidatzea.
Hamaika plano ezberdin konbinatuz, Matias Bize zuzendari gazteak, filmeak estetikoki ez duen xarma txertatzen saiatzen da. Hala ere, nabaria da eszenatoki bakarrak zirrara eranzten diola. Mesedetan esan daiteke tempo narratiboa mantentzeko gai dela eta ez duela gainbeherarik.

2006/11/05

SAW III

Zinema aretoetan lortutako emaitz arrakastatsuek egin dute posible SAW saga osatzen duen hirugarren alea kaleratzea. Orain dela urte bi estreinatu zen lehena, urteko filme arrakastatsuenen zerrenda buruetako bat izatea lortu zuelarik. 24 hilabete pasatxo, bigarren alea iritsi zen zinema aretoetara, beste behin ere, suspentsea, biolentzia eta odol jarioak filmearen gore izaera bermatzen zutelarik. Darren Lynn Bousman zuzendariaren esanetan, generoa maite duten pertsonentzat egiten ditu pelikulak, ez kritikoentzat, eta era berean uste du gore generoa dela ikusleak SAW saga delakoan bilatzen duen giltza edo gakoa.
Hirugarren ale honen argumentuak nolabaiteko autonomia hartu badu ere, aurreko filmeen jarraipena besterik ez da. Azken honetan, Jigsaw desagertu egiten da. Amanda izeneko laguntzaile berriaren lankidetzaz, polizia bere onetik aterako duen joku konplexu berri bat asmatuko du. Hura harrapatzen saiatzen diren bitartean, Lynn Denlon doktorea (Bahar Soomekh) bere joku diabolikoan parte hartuko duen azken panpina izatera doa. Gau baten, ospitaleko lana bukatu ondoren, Lynn bahitu eta etxe zahar batetan uzten dute, bertan hilzorian dagoen Jigsaw ezagutuko du. Doktoresak bizirik mantendu beharko du Jeff-ekin amaitzeke duen jolasa bukatu arte.


2006/11/02

2007ko zenbait aurrerapen

Datorren urtean ikusgai izango ditugun filmetariko batzuk dira honakoak:

Harry Potter and the order of the Phoenix
Estreinaldia 2007ko Uztailaren 20a.

Munduko magorik ospetsuenaren bosgarren filma martxan dago. Oraingo honetan Harry Potter eta Cho Chang ikaskideen arteko musua ikusi ahal izango dugu produkzioaren unerik gorenean, baita Lord Voldermort beldurgarriaren kontra izango duen egundoko borroka. Daniel Radcliffe aktorearekin batera orain arte kide moduan izan dituen Emma Watson eta Rupert Grint aktoreak agertuko dira, sagako beste batzuk bezala, hala nola: Alan Rickamn, Robbie Coltrane, Michael Gambon, Maggie Smith, Brendan Gleeson, Emma Thomson, Gary Oldman eta makillajeaz gainezka agertuko den Ralph Fiennes. Fitxaje berriak Imelda Saunton (El secreto de Vera Drake) eta Helena Bonham Carter izango dira, Hogwarts-ko irakasle moduan.


Night at the museum
Estreinaldia 2007ko Urtarrilaren 5a.
Nueva York-eko Historia Naturalen museoko segurtasun guarda inuzente batek abentura sinesgaitza bizi du bertako animali disekatu eta figurek bizitza eskuratzen dutenean. Ben Stiller protagonista nagusi izanda eta beste aktore komiko askoren elkarketa dela eta ziur filma datorren gabonetako izar izango dela. Aktore zerrenda honakoek osatzen dute: Owen Wilson (Tu, yo y ahora Dupree), Robin Williams, Paul Rudd, Ricky Gervais eta Steve Coogan britainarrak, Carla Gugino eta Mickey Rooney eta Dick Van Dyke beteranoak. Trailerra honako orrialdean ikusgai.


Little Children
Estreinaldiko data zehaztu gabe.

En la habitacion filmarekin hamaika sari irabazi zituen Todd Field zuzendariak, orain, elkar gurutzatzen diren bizi puskak batzen ditu film honetan. Feminista bisexuala, agenda kontrolaturik duen etxekoandrea, haren senarra, kartzelatik irten berri den ustezko pedofiloa… eta beste zenbait pertsonaiek egiten dute istorioa balizko. Kate Winslet, Jennifer Connelly eta Patrick Wilson (Hard Candy) aktoreek protagonizatzen dute jadanik Oscarretarako maiteenen artean dagoen filma.


2006/11/01

In the Mood for Love

26.minutua, protagonista biak jatetxe bakarti batean jesarrita eta Nat King Cole-ren abestia. Norberaren bikotea bestearenarekin abentura bat izaten dagoela konturatzen diren unea da. Eta hau da pertsona bat Wong Kar-Wai maisuaren "In the Mood for Love" filmeaz maitemindu daitekeen momentu orotariko bat.

1962ko Hong Kong-en , kazeta lokal bateko erredaktore burua den Chow Mo-Wan-ek gela bat errentan hartzen du errentan Su Li-Zhen-ek, esportazio enpresa bateko idazkariak, hartzen duen egun berean. Logela bizilagunak dira eta lan kontuengatik beren bikotekideek bakarrik uzten dituzte noizik behin. Etxekoandre eta bizilagun adiskidetsuak dituzten arren, sarritan bakarrik aurkitzen dira beraien logeletan Su eta Chow eta hortik jaiotzen da beraien arteko adiskidetasuna. Jaten dauden egun batean, Chow-k beren bikotekideek elkarren artean kanpoko ezkon harremana dutela konturatzen da. Momentu horretatik aurrera elkarri kontsolatzen dira bata bestearen presentziaz. Chow-k Su-ri, kazeta baten argitaratzeko arte marzialetako historiatxo batzuk egiten laguntzeko proposamena egiten dio. Su Li-Zhen eta Chow-ren arteko harremana estuago egiten den heinean, kontuan jausten hasten dira gainontzekoak. Batak bestea norberaren bikotekidea ez uzteko limurtzen saiatzen dira.
Kar-Wai zuzendariak bi metodo berritzaile erabiltzen ditu filme honetan. Lehenengoa antzekoak diren eszenen erabilpena da eta bigarrena sekuentzia batzuetan, bakarra dirudien arren, benetan, filmeko bi protagonistek dituzten hainbat elkarketen multzoa da. Teknika bi horien erabilerari esker protagonistek gauza bera denbora luzean zehar egiten duten inpresioa ematen dio ikusleari. Dena dela, pixka bat adi egonda, Su Li-Zhen-en arropa eta makillajea sekuentzia guztietan aldatzen dela konturatu daiteke bat.


Filmearen bitxikeri batzuk:
- Days of Being Wild (1991) eta 2046 (2004) filmeekin batera, triologiaren bigarren zatia dugu In the Mood for Love (2000).
- 15 hilabeteko filmaketa behar izan zuen pelikula dugu eta azken metrajetik zuzendariak bikote protagonistaren maitasunezko eszena guztiak kendu zituen.
- Christopher Doyle (Paris, Je t’aime; Eros) australiarra da primerako argazki zuzendaritzaren arduraduna.
- Filmeko 3 abesti gazteleraz dira eta Nat King Cole jazz abeslari estatubatuarrarenak dira.
- Deseando amar edo In the Mood for Love, filmearen jatorrizko izenburua Fa yeung nin wa da eta honen esanahia hurrengoa da: Urteen handitasuna/eskuzabaltasuna loreen moduan igarotzen da.

Filmeko esaldia:
“Antzina, pertsonek sekretuak zituztenean, eta ez nahi zutenean sekretu horiek konpartitu, mendira igotzen ziran, zuhaitz bat aurkitzen zuten eta zulo bat egiten zuten enborrean sekretua xuxurlatzeko, ondoren lokatzez estaltzen zuten, horrela inork ez zuen inoiz sekretu horren berri izango.”
Trailerrak:
- Txinoz (subtituluak frantsesez)

Myspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter Graphics Myspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter GraphicsMyspace Glitter Graphics, MySpace Graphics, Glitter Graphics