Nine Lives
Estatu Batuak zine komertzialaren meka moduan ezagutzen ditugu. Baina noizbehinka, haize bolada iragankorrekin batera merezi duen filmaren bat heltzen zaigu bertatik. Ameriketan ere zine independentea egiteko gai direnaren erakusgarri dugu Nine Lives.
Rodrigo Garciak (Gabriel Garcia Marquez idazlearen semea) gidoilari eta zuzendari lanak egiten ditu istorio laburrez osatutako metraje luzeko film honetan. Erronka, 10-14 minutu bitarteko bederatzi sekuentzia jarrai grabatzea zen. Filmaziorako hiru asteko epea izanik, talde teknikoa eta aktoreen bikaintasuna derrigorrezko baldintza zen. Toma jarraituen ideia interesgarria izan zen aktore-multzoarentzako. Horrek berebiziko ezaugarria txertatzen dio filmeari, izan ere antzezpen jarrai eta erreal bat eskaintzen du.
Bederatzi emakumeren bizitzako atal labur baina esanguratsu bat kontatzen da. Arrazoi ezberdinengatik ezin aurrera ez atzera, atsekabean ainguratuta bizi diren emakumeen istorioak dira; Sandra kartzelan dago eta bere alabarekin harremana izaten jarraitu nahi du, Dianak iraganeko maitasun baten oroitzapenei aurre egin behar die, Hollyk ugazaitak egindako mina aitortzea nahi du, Soniak ezin du jasan bere mutil-lagunak sekretu bat kontatzea lagun artean, Samantha bere gurasoen arteko lotura bakarra da, Lorna bere senar ohia indarberritzen saiatzen da haren emaztearen heriotzaren ondoren, Ruthek ezkontza bizitza albo batera uztea erabakitzen du motel baten dagoela, Camillek bere gorputzak dituen mugei aurre egin behar die eta Maggiek bere alaba aurrejartzen du beti. Egunerokotasunean aurki daitezkeen egoerak steadycam batez harrapaturik ageri dira.
Urtarrilaren 19an estreinatu zen Sundance-en, ordutik zinema jaialdi ugaritara joan da gonbidatu bezala. Nine lives ikuskatze publikoarekin eta honek dakarren ondorengo elkarrizketarekin mesedetzen da. Aurpegiratu dakiokeen bakarra, zenbait istoriok (Robin Wright Penn-ek supermerkatuan protagonizatzen duena adibidez) besteen bikaintasuna gutxitzea izan daiteke.
0 Comments:
Publicar un comentario
<< Home